Berriak

Atzealdea

Ekintza ugari Mugikortasun Asterako

Adunako Udalak eta Herri-eskolak bat egin dute eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletan eta kutsadura gutxiago sortzen duten garraiobideetan egitera helburutzat duen sentsibilizazio-kanpaina honekin.

2018·09·12


2.000 urteaz geroztik, irailaren 16tik 22ra Europa mailan Mugikortasunaren Astea ospatzen da udalerri askotan eta aurtengoan ere Adunako Udalak eta Herri-eskolak bat egin dute eguneroko joan-etorriak oinez, bizikletan eta kutsadura gutxiago sortzen duten garraiobideetan egitera helburutzat duen sentsibilizazio-kanpaina honekin. Kanpaina honen baitan kokatzen da ere irailaren 22an antolatzen den “Autorik gabeko eguna” ekimena, herri eta hirietan motordun trafikoak sortzen dituen arazoen kontzientziatzea bilatzen duena.

Aurreko edizioetako ohiturari jarraituz, mugikortasun jasangarriarekin zerikusia duten ekintza ezberdinak antolatu ditugu Aiztondo bailarako beste udalekin batera; hala nola, 2. Eskuko azoka, bizikleta-bira eta bizikleten mantenu egokiari buruzko tailerra eta gynkana.

EGITARAUA:

•             Irailak 15 (larunbata): mugikortasun jasangarria eta hondakinen

prebentzioa uztartzeko asmoz, Villabonan eta Zizurkilen herritar orori zuzendutako ekintzak antolatu dira:

 

-              2. Eskuko gauzen azoka: Villabonako Berdura plazan, 10:00etatik

13:00era (objektuak edo materiala saldu nahi duten herritarrek 9:30etan Berdura plazara gerturatzea beharrezkoa da. Azoka amaitu ondoren, 13:30etan, berriz ere bertaratu beharko dute, saldu ez den materiala eta saldutakoaren zenbatekoa jasotzeko).

-              Bizikletaren mantenuari/mekanikari buruzko tailerra eta Gynkana:

Zizurkilgo Pasus plazan, 10:30tatik 13:00era. Etxetik bizikleta eramatea gomendatzen da, irakasleek bizikletaren egoera zer nolakoa den ikusi eta ondoren bere mantenuari buruzko aholkuak emateko, bizikletaren oinarrizko mekanikari buruzko oharrak emateko, etab.

 

•             Irailak 21 (ostirala): Aiztondo bailarako Mugikortasun-festa.

10:00etatik 12:00etara, Zizurkil eta Villabona elkartzen dituen Zubimuxu zubian eta inguruko kale nahiz errepideetan ospatuko da. Bailarako ikastetxeetako ikasleek eta irakasleek inguru horietako kaleak hartu eta mugikortasun iraunkorrarekin harremana duten jokoak egingo dituzte (parte hartzaileei bertako produktuez osatutako hamaiketako osasungarria eskainiko zaie). Horrekin batera, Adunako herri-eskolako ikasleek eta irakasleek Aduna eta Adoaingo mugan dagoen bidegorritik abiatuz (Sorabillako bus-geltokitik) bizikleta-bira egingo dute eta 10:30ak aldera Zubimuxu zubira helduko dira, bailarako gainerako ikasleekin elkartzeko. 9:30etatik 12:30etara motordun trafikoari lotutako mozketak egongo dira Adunako bizikleta-bira igaroko den puntu ezberdinetan zehar (Adunako erriberatik igarotzen den errepidean eta baita Zizurkilen nahiz Villabonan ere, jokoak garatuko diren eremuetan -soilik oinezkoek, bizikleta-erabiltzaileek eta baimendutako ibilgailuek igaro ahal izango dute motordun trafikoari itxitako eremuetatik-).

Bide batez, antolatzaileek herritarrak sentsibilizazio-kanpaina honekin bat egitera animatu nahi dituzte. Irailaren 21eko bizikleta-biran ikasleekin batera parte hartu nahi izanez gero, gogoratu etxetik bizikleta, kaskoa eta ibilbidea egiteko arropa egokia eramateaz.

ANIMATU ETA PARTE HARTU!