Berriak
Atzealdea ETXEBIZITZETAN ENERGIA BERRIZTAGARRIAK EZARTZEKO SAIO PRAKTIKOA
2020·09·15
ETXEBIZITZETAN ENERGIA BERRIZTAGARRIAK EZARTZEKO SAIO PRAKTIKOA
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Adunako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, etxebizitzetan energia berriztagarriak ezartzeko aukeren inguruan informatzeko tailerra antolatu du irailaren 23an, 18:30tan, Kultur Aretoan. “Energia berriztagarriak zure etxean… posible da!” tailerraren helburua herritarrak energia berriztagarriak ezarri ahal izateko beharrezkoak diren irizpideak eta ezagupenak modu argi eta ulergarri batean eskaintzea da. Energia berriztagarrien ezarpenak araudiari lotutako aldaketak jasan ditu berriki eta aldaketa horiek teknologia horien ezarpena erraztu du, baita banakako etxebizitzetan zein etxebizitza-blokeetan. Izaera praktikoa izango duen saio bati esker, energia berriztagarrien instalazioak aurrera eramateko baldintzak zeintzuk diren argituko ditu gaian espezializatutako aditu batek eta aldi berean, gure lurraldean martxan dauden instalazioen benetako kasu praktikoen bidez instalazio horietan sortutako energia nola erabili daitekeen azalduko du.
Tailer hauetan parte hartu nahi duten herritarrek, irailaren 21a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:
- Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
- Honako telefono zenbakira deitzea: 943-692-571
- Informazio osagarria: www.argitu.eus
Beharrezkoa izango da ezarrita dauden osasun eta higiene baldintzak betetzea. Beraz, gehienez 10 lagunek parte hartu ahal izango dute tailerrean, 2 metroko distantzia mantenduko da une oro eta musukoa erabili beharko da.
Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. 2020 urtea amaitu aurretik, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendio ezagutzera emateko tailer praktikoez gain, Gipuzkoako udalerrietan beste hainbat tailer ere eskainiko dira, guztiak energiaren aurrezpenarekin eta erabilera jasangarriarekin zerikusia dutenak:
- Eskuratu zure argindar kontsumoaren datuak eta murriztu zure kontsumoa!
- Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
- Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko
- Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak
Abendura bitartean eskaintzen diren Argitu tailerren inguruko informazioa www.argitu.eus web gunean aurki daiteke.