Berriak
Atzealdea IBILGAILU ELEKTRIKOEI ETA MUGIKORTASUN JASANGARRIRAKO AUKEREI BURUZKO SAIO PRAKTIKOA
2022·05·31
Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Adunako Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarrirako aukeren inguruan informatzeko tailerra antolatu du ekainaren 6an, 18:30tan, Kultur Aretoan. Tailer honen helburua gizartean pixkana txertatzen eta indarra hartzen ari diren mugikortasun jasangarrirako eredu berriei buruz herritarrak informatzea da. Zehazki, gaur egun merkatuan dauden ibilgailu elektrikoen ezaugarri, kontsumo, salneurri, kargatzeko eskakizun eta bestelako alderdiei buruzko informazioa eskainiko da, baita mugikortasun jasangarrirako beste aukera batzuei buruzkoa ere (ibilgailu hibridoak, txirrindu eta patinete elektrikoak, etab.). Era berean, mugikortasun beharrei buruz hausnartuko da, motorrik gabeko mugikortasun-aukerak aztertuz eta ibilgailu elektrikoak partekatzeko dauden esperientzien berri emanaz.
Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, ekainaren 3a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:
- Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
- Honako telefono zenbakira deitzea: 605-757-687 (astelehenetik ostiralera. Ordutegia 9:00-18:00)
- Informazio osagarria: www.argitu.eus
Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. Honakoak dira 2022 urtean zehar Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak martxan jarritako gainerako prestakuntza- eta sentsibilizazio-ekintzak:
- Nola egokitu etxeko kontsumo elektrikoa tarifa berrietara erotu gabe.
- Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
- Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
- Komunitate Energetikoak: zer dira eta nola funtzionatzen dute (Berria)
- Energia Argitu kit kanpaina (Berria): kanpaina honen helburua herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan auto diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta, ondorioz, faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere).